Mutiko grisa eta automatikoa, batez be ustela da
Ene irarlan-sailean, Zehaztasun Ezezaguna
© Ilkhi, 2013
Duela bi urte eta erdi Artzeren olerki txiki bat ekarri neban ene blogera eta olerki hark eragin eustan marrazki bat hematitez. Orain, barriz be, Joxean Artzeren beste olerki bat "Galipotakumeak" hona ekartzen dot. Olerki honek, irakurri neban ezkero, holako linograbaturik (lerro hauen gainean dagoena) eragin eustala.
GALIPOTAKUMEAK (Born in Europe, Made in USA)
Hanka arinak ala azken moto berriaren
esku trebeak ala azken makina berriaren
begi zorrotzak ala azken foto-kamara berriaren
buru azkarra ala azken konputagailu berriaren artean
ez zirudien mutiko hark zalantza haunditan ibiliko zenik.
Zer nahiago zuen, zer hautatuko zukeen,
berehala igertzen zitzaion begietan
aurpegi zurbila zuen modaberriko mutiko hari.
Ez zen inoiz egunez ikusten
inork ez zuen inoiz oinez ikusi mutiko hura:
ba zirudien beti ikusten zen autoan bertan
jaioa zela...
eta sehaskan zetzala geroztik...
edo ez zen jaio eta
sabel metalikoan zegoen oraindik...
edota metalezko hilkutxan sartuta zegoen jadanik...
rocka-cola zainetan
plastikozko aurpegi zurbila zuen
grisak begiak,
grisa autoa,
gris metalikoa
metalezko mutiko,
mutiko automatikoa!
Joxean Artze
Olerki hau eta 145 gehiago aurki daikezuez Joxean Artzeren liburu hontan, "Ortzia Lorez, Lurra Izarrez" 1987, Elkar.
No hay comentarios:
Publicar un comentario